Basajaun txakurrendako egoitza
Arbizun, Basajaun txakurrendako egoitza agorrilean zabaldu zituen ateak. Amaia Larrea Rodriguezek eta Mitxel Andres Javier Muñozek kudeatzen du egoitza. Azken honek eman dizkigu egoitzari buruzko azalpen guztiak.

Animaliak maite dituzue, ezta?
Bai. Egoitza zabaltzeko ideia 2002an sortu zen. Hainbaten artean Ordizian animalien eskubideen aldeko talde bat sortu genuen. Gai askorekin arduratuta geunden: ehiza, zezenketak… eta horien artean animalien uztea zegoen. Handik sortu zen ideia. Arazoaren muina opor sasoietan txakur gehien uzten diren garaiak direla pentsatu genuen. Azkenean erabaki genuen egoitza bat jarrita arazo hori neurri batean gutxitu genezakeela. Urte guztiko oporraldietan txakurrei ostatua ematea dugu helburu. Gainera, biak ere ATEA elkarteko (animaliekiko tratu etikoaren alde elkartea) kideak gara.

Etxean animaliarik baduzue?
Bi ditugu. Terranova arrazako txakur bat dugu. Gainera hemen utzi ziguten txakur bat ere badugu. Hasieran jendeak uste zuen txakurtegi bat zela eta 4 kume utzi zituzten. Guretako bat hartu genuen eta gainontzekoak familiei eman genizkien. Ez ditugu babesleenganaprotektoretara eramaten. Pentsatzen genuen txakurrak hil zitzaketela. Halakoetan txakurrak arazoak baditu eta demanda handia badute animaliak akabatzen dituztelako.


Kezka pertsonala bizimodu bihurtu duzue.
2002an ideia sortu zenetik 2004ra arte lur eremu egokia bilatzen aritu ginen. Gipuzkoa guztia barna bila aritu ginen eta ez genuen opatzen. Baldintza onetako lursaila nahi genuen: herrietatik urrun (jendea ez molestatzeko), laua… Azkenean Arbizun opatu genuen. Sakanan ez genuen ezertarako erreparatu. Batez ere gure eskualdean, Goierrin aritu ginen , eta Lizarragabengoako zubia pasa eta Arbizu ikusi genuenean izugarri gustatu zitzaigun. Iragarkiak jarri genituen eta azkenean hau lortu genuen.

Eta 2004tik gaur arte?
Proiektua egin eta aurrefabrikatutako pabilioia izan ezikn gainontzeko guztia guk egin dugu: zorua, paretak… Harro gaude.

Egoitzak zenbat txakur hartu ahalrendako kabida du?
Hogei20rendako. Hasiera batean gehiagorako egitea pentsatu genuen, baina txakur bakoitzari tratu eta arreta pertsonalizatua eman nahi diogu. Bi zaintzailerendako 20 nahikoa da. Egoitzak 14.000 metro karratu ditu, aisialdirako eta ariketa egiteko gunea. 8 metro karratuko banakako 20 gela. Bakoitzak kanpoko eta barneko zatia bana du.

Zaintzaile gisa zer bermatzen duzue?
Fitxa tekniko batean animaliei guztia kontrolatzen diegu eta han jasotzen dugu. Eta hartan oinarrituta animalia bakoitzarendako eguneroko plana egiten diegu.

Oinarrizko beharrak asetzen ditugu: elikadura (pentsu naturala, kontserbagarri artifizialik eta transgenikorik gabea, haragia soilik), aterpe, garbitasuna eta, orokorrean, ongizatekoak. Baina, horretaz gain, animalia gurean dagoenean ongi sentitzea nahi dugu. Adibidez, gure anagrama puxika batekin egindako txakurra da. Hura jolas eta dibertsioaren sinonimo izatea nahi dugu. Animalia hemen dagoenean ongi sentitu dadila.

Horretarako lehenengo urratsa, gaizki ez sentitzea lortzea da. Txakur etorri berriek trauma bat sor diezaieken etxe aldaketa bat dute. Estres psikologiko horrek jabearengandik banatzeak larritasuna sor diezaioke txakurrari. Etorri berri diren txakurrei trauma hori tratatzen diegu, tratu berezia emanez, lasaitzeko eta bideratzeko. Haiekin asko egoten gara, lotura bat lortu arte. Konfiantza ematen diogu, eta jolasten hasten dira eta hobe sentitzen dira. Hortik aurrera joko programa bat egiten diegu: soinu, ukimen, ikusmen eta, batez ere, usaimen estimulazioa; jokoak; buru-trebakuntza. Beti trebakuntza positiboa, sekula ez zigorra. Egoitzan beti dago norbait.

Nola egiten duzue?
Txakur guztiak elkarrekin uzten ditugu. Duten estimulazio handiena pertsonekin eta haien artean egotea delako. Animalia sozialak dira. Ofizialki egunean hirutan (2 ordu gutxienez) ateratzen ditugu, baina errealitatean egun gehiena aske daude. Atseden uneetan salbu: bazkal ondoren eta halakoetan.

Hori bai, beti kontuan izan behar da txakurren osasun egoera, araldia, arraza… Gaizki moldatzen badira ez ditugu elkarrekin ateratzen. Bi ar badira, lehendabiziengo ongi moldatzen diren frogatzen dugu lehenik. Ez badira elkarrekin moldatzen ez ditugu batera ateratzen. Bestalde, jabe beraren animaliak badira, aspaldi ezagutzen direnak gelan elkarrekin jartzen ditugu hala nahi badute.

Bestelako zerbitzurik eskaintzen duzue?
Txakurrak etxean jaso eta hara bueltatzeko zerbitzua dugu. Albaitaria dugu eta aldiro osasuna zaintzen die. 24 orduko ospitalea dugu. Ni biologoa naiz. Biak ere albaitari klinikako laguntzaileak gara. Amaia, gainera, txakurren ile-apaintzailea ere bada eta zerbitzu hori emanen dugu, sakandarrendako batez ere. Txakurrak hezteko zerbitzua ere emanen dugu aurki. Gabeziak dituzten pertsonekin aritzen diren txakur-hezlea naiz. 

Bezeroek zer eskatzen dute?
Hasi berri gara eta guztia erabat atondu gabe badugu ere, eskatu digutena da, printzipalena, zaintza da.

Zein bezero dituzue?
Momentuz %20koa izan da okupazioa. Bezero gehienak gipuzkoarrak dira. Iruñetik ere. Sakanan badirudi oraindik ez gaituela jende askok ezagutzen. Oporretara joan den jendea da. Prezioei dagokienez, eguna 10 euro dira. Egonaldi luzeetarako deskontuak ditugu. 21 egunetik gorako egonaldietarako %10eko deskontua dugu. Asteburuko eskaintza ere badugu, 25 eurotan. Jabe berak bi animali ekartzen baditu ere beherapenak egiten ditugu.

Egonaldiak zenbatekoak dira?
Momentuz, bataz beste, 15 egunekoak dira. Baina motzagoak ere badira. Goi-denboraldia ez diren saioetarako asteburuko eskaintza dugu.

Hozkatu zaituzte?
Bakarren batek, baina kontu txikiak.

Animali bakoitzak bere nortasuna du.
Hala da. Horregatik familia tratua eta arreta pertsonalizatuan indar egiten dugu. Ez soilik elikaduran. Bakoitzaren elikadura ikerketa egin behar duzu: pisua, dieta… Pertsonak bezalakoak dira. Animalia bakoitza mundu bat da.

Egia al da animaliak nagusien antza hartzen dutela?
Bai, nahiko. Itxuran baino gehiago, izakeran.

Txakurrak pertsonen lagunik onenak al dira?
Topiko bat da, baina txakurrak animalia sozialak dira. Gure antz handia dute. Gure berdinak dira.

Haiekin komunikatzeko biderik onena zein da?
Bakoitza mundu bat denez, bideak erakusten du. Komunikatzeko, nik uste, haiek gu baino azkarragoak dira. Haiek gurekin guk haiekin baino gehiago dakite komunikatzen. Haien keinu eta mugimenduei arreta jarri behar zaie. Haiek dena eskatzen dute.